sarenaiz

Sare Herritarrak “garai berrira egokitzeko salto kualitatiboa” emango duela iragarri du bere 5.urteurrena dela eta, antolatutako ekitaldian

Sarek, datorren ekainaren 16an bere 5. urteurrena ospatzeko Donostian, Miramoneko Zentro teknologikoan egingo duen ekitaldiaren berri eman du gaur Gasteizko egoitzan eskainitako agerraldian. Urteurren hau, “urte guzti hauetan josi dugun sare zabal honen parte diren pertsonekin batera ospatu” asmo du elkarteak. Ekitaldiaren gaineko nondik norakoak azaldu aurretik ordea, Sarek, azken urte hauten bizitakoaren eta egindakoaren balantzea egin du, honakoa adieraziz:

  • Lehenik eta behin, nabarmendu nahi dugu, bost urte hauetan Sare zabal eta anitza osatzea lortu dugula, ideologia ezberdina duten pertsonak batuz. Honek, dudarik gabe, jaio gineneko oinarria biderkatzea ekarri du.
  • Zentzu honetan, garrantzitsua da, gure oinarri sozialaren zabalpenaz harago, urte hauetan gizarte zibilaren, instituzioen, alderdien, sindikatuen eta baita Giza Eskubideen alorrean lan egiten duten eragileen arteko artikulazioa lortu izana nabarmentzea.
  • Orain arte egin dugun bidearen balorazioa positiboa dela deritzogu. Baina kontziente gara ere guri gustatuko litzaigukeena baino geldoagoa izaten ari dela eta oraindik ere, nahi baino traba gehiago ditugula gainditzeko.
  • Orain artean esan izan dugun moduan, Sare helburua batekin eta iraungitze datarekin jaio zen. Data hori, lehenbailehen izatea gustatuko litzaiguke guri. Honek, urteetako sufrimenduaren eta giza eskubideen urraketaren amaiera eta elkarbizitzan eta bakean oinarritutako jendarte baten eraikuntzaren hasiera adieraziko bailuke. Finean, oraindik orain, horrenbeste min eragiten duen espetxe politika honen gaineko konponbidea.
  • Kontziente gara ere, bost urteko lanaren ostean, oraindik ere bide luzea dugula egiteke eta Sare osatzen dugun kideok, gure konpromiso osoa erakusten dugu duela bost urte San Telmon, Donostian, elkarte honi ezarritako helburu eta printzipioak betetze bidean.
  • Baina, etorkizunari baikor begiratu nahi diogu eta zailtasunak zailtasun, argi dugu, azken bost urte hauetan herri honek urrats sendoak eman dituela eta esperantzari ateak zabaldu dizkiola. 2011eko urrian ETAk hartutako erabakia eta 2018ko maiatzean emaniko disoluzioa, euskal presoek espetxe legedia jarraitzeko hartutako erabakia, gizarte zibilaren aktibazioa konponbiderako subjektu gisa, Estatu frantsesean emandako negoziaketa eta hauen osteko urratsak, gehiengo sindikal eta politikoaren baitan lortutako deklarazio bateratuak eta baita, guk nahi modukoa ez izan arren, egungo Espainiako Gobernuak presoen auziari dagokionean emandako jarrera aldaketak… garai berri bati atea zabaldu diote.
  • Zentzu honetan, azken hauteskundeetako emaitzei erreferentzia egiteko probestu nahi dugu tarte hau ere. Argi ikusten baitugu, emaitzei erreparatuz, espetxe politikan oraindik bizi dugun inpas egoera aldatzeko gehiengoa badela. Amaitu dira beraz aitzakiak. Borondate politiko kontua da orain gehiengo horiek baliatuz urratsak ematea. Modu batera zein bestera, gorroto eta mendeku dinamikak alboratu eta giza eskubideak errespeta daitezen eta sufrimendu oro amai dadin akordioak eta urratsak emateko eskatzen jarraituko dugu.
  • Garai berri baten aurrean aurkitzen garela esan dugu eta, hori hala, Sarek berak ere garai berri honetara egokitzeko salto kualitatibo bat eman behar duela uste dugu; bai dinamiken garapen mailari dagokionean, baita oraindik ere gure lanarekiko atxikipena ez duten sektore zein norbanako horiengana iristeko lanketan ere, ulertaraziz, guztioi eragiten gaituen gaitza dela espetxe politika honek sortzen duena eta ideologien gainetik, elkarbizitzaren baitan urratsak emateko beroni irtenbidea ematea ezinbestekoa dela. Unea da ere Sarek etorkizunaren gaineko hausnarketei ekitekoa eta bere buruari ezarritako helburuak berdefinitzekoa. Urrats kualitatibo hauxe bera da datorren ekainaren 16an Donostian egingo dugun ekitaldian zuekin eta gizarte zibil osoarekin elkarbanatu nahi duguna.
  • Ekitaldiari dagokionean: hausnarketa hauen berri emateko baliatuko dugun ekitaldi xumea izango da ekainaren 16koa. Bertan, bost urte hauetan lagun izan ditugun kideak eta ordezkaritza politiko, kulturak, sindikal eta soziala batuko dugu.
  • Dudarik gabe, ekitaldi honen ostean, ziklo berri bati ateak zabalduko dizkiogu.


Txus Martinen "berehalako" etxeratzea eskatzeko elkarretaratzea Bilbon

Sarek Txus Martin eta larriki gaixo diren presoen etxeratzea eskatu eta azken egunetan Txusek eta bere senideek jasandako tratu gizagabea salatu du.

Sare Herritarrak elkarretaratzea egin du gaur Eusko Jaurlaritzaren delegaritza aurrean, Bilbon, Txus Martin larriki gaixo den presoaren berehalako etxeratzea eskatzeko. Ekimen hau pasa den larunbatean deitu zuten Zaintza Epailearen autuaren gainean Barne Sailak eginiko interpretazioarekin adierazitako jarrera salatzeko, “interpretazioa guztiz murriztailea, zeinak, Ertzaintzaren une oroko presentzia ahalbidetzen zuen Txus Martinen gelan bertan”.

Inaxio Oiarzabal bozeramaileak, “azken orduetan”, Txus Martin presoaren gaineko zaintza lan zorrotz horiek “nabarmen aldatu” direla adierazi du, Sarek eta baita presoaren senide eta lagunek aurreko astetik hona eginiko eskaerei kasu eginez. “gizatasuna eskatzen genuen; zurruntasun gutxiago izatea eta preso honen egoera kliniko konplexuaren gaineko eragin ahalik eta gutxien eragitea”.

Baina, Sareren ustetan, larriki gaixo diren presoen gaineko arazo estrukturalak bere horretan dirau. Eta, ardura, “batez ere”, Espetxe Zuzendaritzarena da eta “kasu honetan, baita, Espetxe Zaintza Epaitegian ere”.

Sarek, “beste behin ere” euskal presoen giza eskubideen errespetua eskatu du, bereziki, osasuna eta bizitzeko eskubidea. “Espetxe politikaren aldaketa eskatzen dugu, kasu honetan, larriki gaixo diren presoei dagokionean, dagokien tratamendua espetxetik kanpo eta senideekin jaso ahal izateko”. Sareren ustez, ETAren desagerpenaren eta euskal presoek legedia errespetatzeko eginiko hautuaren ostean, ez du inolako zentzurik presoei, “askatasuna ez ezik, osasunerako eta bizitzarako eskubidea ukatzen dien” salbuespen legediak indarrean jarraitzea.

Hori dela eta, eta Ertzaintzaren jarreran izandako “behar-beharrezkoa zen” aldaketa egonda ere, Sarek elkarretaratzea bere horretan mantentzea erabaki du, aurreko egunetan Txus eta bere senideek jasan behar izan duten tratua salatu eta Txusen eta larriki gaixo diren presoen berehalako etxeratzea eskatzeko.

“Etxean eta bizirik nahi ditugu” esanaz amaitu dute gaurko elkarretaratzea.

¡Necesitamos ayuda en la defensa de los derechos humanos!

Si quieres tomar parte en la red y realizar una aportación económica, te invitamos a ser SOCIX, a ser Sare

Ser Sare


Sare Herritarrak Txus Martinek bizi duen egoera salatu nahi du.

Txusi bihotzeko ebakuntza egin diote, aurrez ere zuen gaitz larriari gehitu zaion bihotzeko gaitzari aurre egiteko beharrezko zuen operazioa. Txusek larriki gaixo egonda ere espetxean jarraitzen du, baina kasu honetan, bere ebakuntza eta operazio osteko unea senideekin eta lasai, bizi ahal izateko ezohiko baimena eskuratu zuen. Baimen hori ordea ez da errespetatua izaten ari, izan ere, Txus lekualdatze guztietan zehar eskuburdinekin eta Ertzainez inguratuta igaro behar izan ditu ebakuntza aurreko eta ebakuntzako uneak.

Aurrez beste preso batzuen kasuan ikusi ahal izan dugun moduan, larriki gaixo diren presoak dagokien artatzea era egokiagoetan, euren senideen babesarekin eta etxean jasotzen dutenean, gaixotasunari aurre egiteko aukerak biderkatzen dira. Txusen kasuan, oraindik orain, salbuespen neurriak ezartzen zaizkio, horrek, egunotan ikusi ahal izan dugun moduan, dakartzan zailasun eta tentsioekin. Hori hala, Txus Martinek operazio hau, beharrezko duen lasaitasun eta normaltasun egoeran bizi behar duela uste dugu. Txusek jasotako ezohiko baimenarekin interpretazio desberdinak egon daitezke, eta horren arduradun zuzena, kartzela zaintzako epailearena da, eta baita iraganeko egoeretan errotuta jarraitzen duen ertzaintzarena ere.

Guztiei eskatzen diegu, bizi dugun egoerarekin bat datozen erabaki eta epailak har ditzaten. Gizarte honek aspalditik eskatu duen moduan eta berandu baino lehen, bai Txus eta baita larriki gaixo diren gainontzeko presoak ere, etxean behar dutela errepikatu nahi dugu.

Elkartasunaren eta bakearen bidea eraiki ahal izateko, aurrera urratsak emateko ordua baita, eta ez, iraganeko baldintza gogor eta salbuespenekoak mantentzeko unea.


Sare Herritarrak ohar bidez ondorengoa salatu nahi du:

Txus Martin gaur bihotzeko operazioa izaten ari da, aurrez ere zuen gaitz larriari gehitu zaion bihotzeko gaitzari aurre egiteko beharrezko zuen operazioa. Txusek larriki gaixo egonda ere espetxean jarraitzen du, baina kasu honetan, bere operazioa eta operazio osteko unea senideekin eta lasai bizi ahal izateko ezohiko baimena eskuratu zuen. Baimen hori ordea ez da errespetatua izaten ari, izan ere, Txus lekualdatze guztian zehar eskuburdinekin eta Ertzainez inguratuta igaro behar izan ditu operazio aurreko eta operazioko uneak.

Aurrez beste preso batzuen kasuan ikusi ahal izan dugun moduan, larriki gaixo diren presoak dagokien artatzea era egokiagoetan, euren senideen babesarekin eta etxean jasotzen dutenean, gaixotasunari aurre egiteko aukerak biderkatzen dira. Txusen kasuan, oraindik orain, salbuespen neurriak ezartzen zaizkio, horrek, gaurko kasuan ikusi ahal izan dugun moduan, dakartzan zailasun eta tentsioekin. Hori hala, Txus Martinek gaurko operazio hau, beharrezko duen lasaitasun eta normaltasun egoeran bizi behar duela uste dugu, eta berandu baino lehen, bai Txus eta baita larriki gaixo diren gainontzeko presoak ere, etxean behar dutela errepikatu nahi dugu.

Sarek, bestalde, halako egoerak iraganean utzi eta aurrera egiteko unea dela adierazi nahi du. Elkartasunaren eta bakearen bidea eraiki ahal izateko, aurrera urratsak emateko ordua baita, eta ez, iraganeko baldintza gogor eta salbuespenekoak mantentzeko unea.


OHARRA AZKEN URRUNTZEAK DIRELA ETA:

Sare Herritarrak ohar honen bitartez, azken egunetan ezagutzera eman diren bi presoren urrunketa salatu eta atzera urrats nabarmen hau lekuz kanpo dela adierazi nahi du.

Asier Bengoa eta Karlos Apeztagia presoak Soto del Real espetxetik Herrerara (600km) eta Ocaña II-ra (480km) urrundu dituzte. Bien kasuan emandako mugimendu eta prozedurak, salbuespen neurrien adierazle garbiak izan direla eta presoen eskubideak urratzeaz gain, espainiar estatuak urruntze politikekin amaitzeko agertutako borondatearen aurkakoak direla salatu du Sarek.

Lekualdatze hauek presoa bere herritik urrunago den espetxe batera izateaz gain, aldaketa gauzatu artean, isolamenduan preso izan dituztela ere adierazi du Sarek, horretarako inolako arrazoirik gabe, isolamendu egoerak dakartzan muturreko baldintza gogorretara presoa era bikoitzean zigortuz. Egoera hau onartezina dela eta preso hauek bizitako egoera euskal presoei ezartzen zaien salbuespen politikaren erakusle garbia dela agertu du elkarteak.

Sarek, garai berri baten aurrean gauden honetan, atzera urrats nabarmen gisa kokatu ditu urrunketa hauek, are gehiago, espainiar gobernutik urruntze politikarekin amaitzeko konpromisoaz mintzatu ostean, legearen aurkako ez ezik, gobernuaren beraren konpromisoen aurkako erabakiak direla salatuz.

Espainiar hauteskundeen bezperetan garen honetan, herri honek aurrera egiteko erakutsitako nahi eta beharrari erantzuten dioten politika ausartak garatzeko unea dela deritzo Sarek. Elkarbizitzan eta bakean biziko den jendarte bat eraikitzeko, sufrimenduarekin amaitu beharra dago, salbuespen legediarekin amaitu eta legea oinarri hartuta, zigor atxiki eta urrunketarekin amaitzea ezinbestekoa dela adieraziz. Horregatik, atzera urrats bat bera ere ez emateko eta hartutako konpromisoak betetzeko eskatzen dio Sare Herritarrak espainiar gobernuari, baita, hauteskunde hauetan euren burua aurkeztu duten alderdi eta ordezkariei; aurrera egiteko unea da.


Sare Herritarraren oharra 47 auzipeturen aurkako epaiketaren inguruan

Jakina den moduan, datorren irailaren 16an abituko da 47 euskal herritarren aurkako epaiketa Audientzia Nazionalean. Pertsona hauek giza eskubideen alde eginiko lanagatik izango dira epaituak, besteak beste, abokatu eta medikuak, euskal presoei dagokien babes legal eta artatze medikua emateagatik. Guztien bizkar akusazio eta zigor desproportzionatuak eskatu ditu fiskaltzak.

Sufrimenduarekin amaitzeko garai honetan auzi onartezina dela deritzo Sarek. Mina areagotu eta presoen auziari aterabidea emanaz elkarbizitza erreal baten alde urratsak eman beharrean, kontrako norantzan kokatzen da epaiketa hau. Zauri berriak zabaldu eta korapiloak estutzeko baino balio ez duena. Gaurko egunean besarkada bana helarazi nahi diegu auzi berri honen parte izatea egotzi zaien guztiei eta euren senide eta lagunei.

Gogoratu nahi dugu ere, auzi honen baitan 2015eko urtarrileko manifestazioan Sare Herritarrak bildutako dirua lapurtu zuela Guardia Zibilak, oraindik orain, itzuli izan ez dena.

Konponbidean aurrera egin eta benetako elkarbizitza egoera zein bakerako urratsak emateko garaian gauden honetan, halako auziek ez dutelako kabidarik, Sarek bere konpromiso osoa adierazi nahi du bide honetan lanean jarraitzeko.


Kepa Arronategiren senideak eramango dute Korrikako lekukoa Gernikan

Osasunaren Naiozarteko Eguna dela eta burutu berri dugun GIZA-KATEA oso jendetsua izan da. Bere bitartez Kepa Arronategi eta larriki dauden gainerako presoak etxeratzea eskatu dugu. Lanean jarraituko dugu Kepa etxean, etxekoekin egon dadin.
Zentzu horretan, jakinarazten dizuegu datorren apirilaren 11an (osteguna) Korrika pasatzen dela Gernika-Lumotik. SARE Gernikak tarte bat izango du lekukoa eramateko eta Keparen senideak eramango dute lekukoa SARE ordezkatuz eta ehunduz. Ekimen honen bidez ere, Kepa etxera hurbiltzea nahiko genuke. Ordutegi eta kokalekua zehazten dutenean antolatzaileak deialdia egingo dugu bertoratzera, nahi izanez gero.


EAJ, EH BILDU, IRABAZI eta PSEren babesarekin onartu zen urrunketa politikaren aurkako adierazpenari babesa eman diote hainbat eragile eta norbanakok Donostian

2018ko irailean Donostiako Udalak adierazpen instituzional hau onartu zuen EAJ, PSE-EE, EHBildu eta Irabazi Donostiaren babesarekin. Hauxe zioen:

“Lege Orokorrean askatasuna kentzeko zigorrak betetzean deserrotzea saihesteko ezarritakoa kontuan izanik, zigor horiek bergizarteratze printzipioen arabera, Donostiako Udalak adierazten du ez dagoela ados urruntze espetxe politikarekin. Alde horretatik, ETAren indarkeriaren behin betiko etenak irekitako garai berriaren barruan, uste du espetxe-politika berri bat behar dela, hain zuzen ere presoak zigorrak gizarte eta familia-erroak dituen lekutik urrun betetzea saihesten duen politika bat, zeinak erraztuko baitu bere senideekin harremana izatea, bere seme-alaba adingabeen ongizatera begira eta horiek gurasoekin egoteko duten eskubideen alde”.

Hemen elkartu garenok, atxikimendua adierazi nahi diogu adierazpenari. Asko gara bat egin dugun herritarrak. Denak ez ditugu aipatuko, baina batzuk aipatzearren hainbat elkarte gastronomiko, emakume-talde, langile-batzorde, aisialdi-talde, jai-batzorde, ikastetxeetako guraso-talde, elizako talde eta auzo-elkarte gaude.

24 dira urrunduak dauden donostiar presoak. Haiek ez ezik, senide eta lagunok sufritzen ditugu urrunketaren ondorioak. Azken hilabeteotan Mugimendu batzuk izan dira; preso batzuk hurbildu dituzte, baina ez da nahikoa. Gaur, eta hemen, konpromiso bat hartzen dugu: guk eman dugu atxikimenduaren bidetik, norbanako eta eragile gehiagoren atxikitzea lortzea eta denon artean Donostiako euskal presoak etxean egon daitezen adierazpenari babes zabalena lortzea.

Jarduera honekin irudikatu nahi izan dugu, horren urrun dauden euskal presoak etxeratzea, Donostiara ekartzea. Eta adierazpen honi jarraiki, Donostiako Udalari ahal duen guztia egin dezala eskatzen diogu.
Elkarlanean jardun behar dugu guztiok, desberdinok batu eta bizikidetza bat lortzeko bidean, korapilo hau askatu behar dugu elkarrekin.

Orain bizikidetzaren, eta konponbidearen garaia da, orain euskal presoen garaia da.

DENOK BATERA, PRESOAK ETXERA


Oreretak erakutsitako konpromiso eta aktibazioa ezinbestekoak izan dira Aitzol etxean egon dadin

Aitzol Gogortzaren etxeratzearen balorazioa eta herritar zein eragile eta instituzioek eginiko “ezinbesteko” lana eskertu dute gaur Orerete-Errenterian egin duten agerraldia. Jon Miner eta Lurdes Urangak irakurritako testua:

Gaur, hemen bertaratu garen norbanako eta eragile guztiok, urteak daramatzagu lanean, urteak larriki gaixo dauden presoen eskubideak errespetatuak izan daitezen aldarrikatzen.

Aitzolek, ia 20 urte eman ditu espetxean eta aste honetan jakin dugunez, espetxealdi arinduan bere etxean jasoko du gaixotasunari aurre egiteko dagokion tratamendua. Saretik positiboki baloratzen dugu aste honetan emandako urratsa; baina ezinbestekoa dugu aipatzea, Orereta- Errenteriako herritarrekin, eragileekin, eta instituzioekin egindako lanketari esker lortu dugula. Hemendik, herritik, erakutsitako aktibazio eta konpromisoak eman dion bultzada ezinbestekoa izan da Aitzol etxeratzeko. Bidea zaila eta luzea izan den arren, gure ezberdintasunak alde batera utziaz, bide berean, elkarlanean lan egiteko gai garela erakutsi dugu beste behin ere. Bide honi irmoki eutsiz, gure herriak hainbeste desio duen elkarbizitza, konponbidea eta bakea lortzeko lanean jarraituko dugu.

Bihar, apirilaren 7, Nazioarteko Osasunaren Eguna da. Osasun eskubidea pertsona guztiona da. Tamalez, larriki gaixo dauden 20 euskal presok jarraitzen dute osasun eskubide horien jabe izan gabe. Kartzelan gaixotasunak areagotu eta sortzen dira; horregatik, gaixotasuna identifkatzerako unean, behar bezala artatuak izan behar direla gogorarazi nahi dugu. Aurrez aipatutako 20 euskal preso horien artean, Mikel Arrieta herrikidea dugu. Mikel, Algeciraseko espetxean dago, etxetik 1200 kilometrotara. Gure ustetan, gaixotasun larriak eta sendaezinak pairatzen dituzten pertsona orok kalean behar luke; izan ere, haren gaixotasun eta espetxealdiak batera ezinak baitira. Horregatik, Mikel Arrietaren eta gainontzeko larriki gaixo dauden presoen gaixotasunak era duinak eta humanitarioetan artatzea eskatzen dugu.

Orereta-Errenteriako Saretik, konponbidearen agertoki justu eta iraunkor baten bidean lanean jarraituko dugu. Bertan, biktima guztien sufrimenduaren aitortza eta errekonoziomendua egingo delarik. Horrez gain, preso guztien giza eskubideen urratzearekin amaitzea eskatzen dugu. Hau dena lortzeko, ezinbestekoa da zubiak eraikitzea. Gaur, pozik hartzen dugun berri honek, elkarrekin lanean jarraitzeko bultzada izan dadila gure helmugara iritsi arte.

Hemendik, herri osoari eskerrak eman nahi dizkiogu eta egin dugun lanak fruituak eman dituela gogorarazi nahi dugu, eskerrak modu batean edo bestean zuen ekarpena eman duzuen guztioi, eragile edo elkarte guztiei.

Legez eta giza eskubidez, larriki gaixo diren presoak etxean behar dute.

Orain presoak! Mikel etxera! Eskerrik asko!

¡Necesitamos ayuda en la defensa de los derechos humanos!

Si quieres tomar parte en la red y realizar una aportación económica, te invitamos a ser SOCIX, a ser Sare

Ser Sare


Sare Herritarrak positiboki baloratzen du Aitzol Gogorza larriki gaixo den preso Oreretarrak bere gaixotasuna etxean artatua izan dadin jaso duen baldintzapeko askatasuna.

Aitzolek ia 20 urte daramatza espetxean eta gaur jakin denez, espetxealdi arinduan bere etxean jasoko du bere gaixotasunari aurre egiteko dagokion tratamendua. Sarek positiboki baloratzen du erabaki hau eta nabarmendu nahi du berau, Oreretako herrian eginiko lanketari esker lortu dela, bereziki herritarrek, eragileek eta instituzioek, Aitzolen gaixotasunaren berri izan orduko eginiko lanari esker. Erakutsitako aktibazio eta konpromisoak eman dion bultzada ezinbestekoa izan da Aitzolen etxeratzea lortzeko.

Zentzu berean, gogorarazten du oraindik orain, beste 20 euskal preso daudela gaixotasun larriekin espetxean, baldintza gogorren pean gaixotasunari aurre egiten, eta horiek ere euren gaixotasuna baldintza egoki eta duinetan, berandu baino lehen, artatua izan dadin etxeratuak izan daitezen lanean jarraitu beharra dagoela.

Bide honetan lanean jarraitzeko, Sare Herritarrak dei egiten du apirilaren 7an, Nazioarteko Osasunaren Egunean, herrietako zubiak gaixo larrien etxeratzearen alde betetzera.

Legez eta giza eskubidez, larriki gaixo diren presoak etxean behar dute.