Azken asteetan hainbatetan errepikatu dugun moduan, Covid-19a dela eta ezarritako alarma egoerak espetxeetako egoera gogortu du, hainbat kasutan, muturreko egoeretaraino eramanaz presoen eta euren senideen egoera.

Gaur egun, gaixotasun larriak dituzten 17 euskal preso ditugu; 70 urtetik gorako bi preso daude, 65 urtetik gorakoak 12 eta 60tik gorakoak 24. Estatu espainiarrean kartzelan dauden euskal presoen %80a etxetik 1.000 eta 400 kilometro artean daude eta Estatu espainiarrean dauden 198 euskal presoetatik 156, 1. graduan daude. Honi, Covid-19a dela eta ezarritako alarma egoerak ekarritako kalte gehigarriak gehitu behar zaizkio; urruntze politika dela eta indarrean den bisiten debekua, gurasoak ikusi gabe ia hiru hilabete daramatzaten motxiladun haurrak edota gaixotasunaren hedapena ekidin asmoz ezarri diren espetxe barruko neurriak, zeinaren ondorioz, espetxealdia oraindik eta bortitzagoa bilakatu den. Muturreko egoera hauei Julen Atxurrak izan duen garuneko isuria gehitu behar zaio, Frantziako Estatuak espetxean 30 urte daramatzan Jakes Esnalen baldintzapeko askatasuna ekiditeko enegarrenez jarri duen helegitea, Josu Urrutikoetxeari aske uzteko eskaera ukatu izana edo-ta hirugarren graduan egonik sei euskal presok baimenarekin ateratzeko oraindik duten debekua gehitu behar zaie. Patxi Ruizen egoera larria ere horren adierazle da, euskal presoei ezartzen zaien salbuespen politikak eragin duen muturreko egoera, hain zuzen ere. Eta honek, euskal presoen egoerari irtenbide bat emateko dagoen premia agerian uzten du berriz ere.

Espainia eta Frantziako gobernuek euskal presoei ezarritako salbuespen legedia bertan behera utzi behar dute behin betiko. Egoerak berak erakusten duen urgentziaz.

Hori hala, eta egoerak sortutako urgentzia eta larritasuna dela eta, datorren ekainaren 20an, berriz ere, herritar oro mobilizatzera deitzen dugu, Sarasate Pasealeku honetatik abiatuta Iruñeko espetxeraino eginen dugun martxa ibiltarian. ‘Izan Bidea’ dinamikarekin bat eginez, preso eta iheslarien etxerako bidean bultzatzeko, denok izan behar dugulako bide horren parte.

Hortaz, altxa gaitezen, izan gaitezen bide horren parte eta ekar ditzagun presoak etxera, bada eta ordua!