Penatuta. Oso penatuta gaude gaur hona ekarri gaituen erabakia hartu behar izanagatik. Baina eskertuta ere. Bereziki eskertuta gaude gaur hemen batu zareten guztiekin, herriz herri mendi-irteerak antolatzen aritu zareten guztiekin eta 650 tontor ekimenean parte hartzeko izena eman duzuen guzti-guztiekin. Mila esker egin duzuen lan izugarriagatik eta mila esker zuen prestutasun eta ilusioagatik. Gaurkoan, tontorren igoera bertan behera utzi behar izan dugun arren, erraz erakutsi duzue maiatzaren 8an ekimen ikusgarri eta historikoa egingo dugula. Bai horixe!

Jada ostegun eguerdian iragarri genuen moduan, gaurko eguraldi iragarpenak ikusita, parte-hartzaileek mendietan bizi zitzaketen arrisku-egoerak medio, guztion segurtasuna lehenetsiz, tontorren igoera atzeratzea erabaki genuen. Erabaki zaila izan da, esan dugun moduan, pertsona askok hilabeteetan zehar eginiko lana izugarria izan delako, batetik, eta izena eman duten pertsona eta herri kopurua ere itzela izan delako, bestetik. Baina lehentasuna guztion ongizateak izan behar duela sinetsita gaude.

Era berean, herriz herri egin den lan horrek oinarri sendoak utzi dituela ere kontziente gara eta horrek pozten gaitu. Beste behin ere, preso eta iheslariek bizi duten egoerari aterabidea eman behar zaiola adierazteko mobilizatzeko prest agertu da euskal jendartea eta horrek egiten ari garen lana norabide egokian egiten ari garela eta behar beharrezkoa dela erakusten digu. Jendarte honek konponbidearen bidea gauzatu nahi du; preso eta iheslarien etxerako bidea eta elkarbizitza eta bakerako bidea.

Hori hala, mendietara igotzeko ekimena atzeratu behar izan dugun arren, gaur eguerdirako, ehundaka dira Herriko Plazetan elkartzeko deia luzatu duten herri eta auzoak; mendi tontorretan egin behar genuen moduan, aldarri hau zabaldu eta urriaren 24an Donostian egingo den manifestaziora dei egiteko argazkiak ateratzeko. Honela, hemendik ere animatu nahi zaituztegu, lagunartean, familian, kuadrilan edo norbanako moduan mendi, tontorren bat igotzeko intentzioa zenuten guztiei, zuen artean batu eta Izan Bidea bandera, zein kamisetarekin, argazkia atera eta Sarek egun honetarako prestatuko telefono zenbakietara bidaltzera. Tontorretan irudikatu nahi genuen marea urdina herriz herri eta sarean irudika dezagun.

Norabide berean urratsak ematen jarraitzeko asmoa dugu. Bidea egiten jarraitzekoa. Eta horretarako, aurrera begira jartzen gara. Aurrera begira, aurrera egin nahi dugulako; urriaren 24ari begira; hilabete honen amaieran Donostian elkartuko baikara milaka herritar bilduko dituen manifestazio eta mosaiko erraldoian. Bertan mundu osoari zuzenduko gatzaizkio, mundu osoak jakin dezan oraindik hemen ehunka preso etxetik ehunka kilometrotara daudela; oraindik ere presoen gehiengoa lehen graduan edo zigor graduan dagoela; oraindik ere emakume presoak bakartuak jarraitzen dutela; ehun motxiladun haur inguru daudela eta preso gaixoak heriotzera arte espetxean mantentzen dituztela… Finean, oraindik orain, hau guztia ahalbidetzen duen salbuespenezko espetxe politika indarrean dela.

Horregatik; Resolution! Etxean! Lelopean: unea dela, gehiengoak aldaketa nahi dugula, egoera hau ezin dela betikotu eta elkarbizitzaren baitan aurrera egin ahal izateko, salbuespeneko espetxe politika bertan behera utzi eta presoen etxeratze-prozesua abian jartzea ezinbestekoa dela aldarrikatuko dugu.

Bidea ibiliz eta ibiliz egiten dela badakigu, eta gu aurrera urratsak emateko prest gaude. Aldapa malkartsu edo beherakada gogorrak datozela ere, aurrera eginez bidea egiten dihardugu. Tontorra zein den badakigu; etxeratzea, elkarbizitza, bakea. Segi dezagun, beraz, bidea egiten, bidea izan gaitezen.