“Gaur hemen lortu dugun aniztasuna eta elkartasuna aurrera begirako bidean lagun izan dezagun”

Orain Presoak dinamikako kideek manifestazio amaieran eginiko irakurketan gaurko ekitaldietan lortutako aniztasuna eta parte hartzea azpimarratu dute eta aurrerantzean ere indar eta batasun berarekin lan egiten jarraitzeko deia zabaldu dute.

40.000 lagun inguru batu dira gaur Donostian “garai berri baten aurrean zabaldutako aukera berriak probestu” eta elkarbizitzaren eta espetxe politikaren aldaketaren aldeko topaleku bilakatu diren ekimenetan. Arratsaldeko 16:00etan Miramar Jauregian batu dira alderdi, sindikatu eta eragile sozialetako ordezkariak Felix Arrieta eta Anaiz Funosas Orain Presoak dinamikako sinatzaileek hitza hartu duten elkarbizitzaren aldeko ekitaldian. Bertan s̈ ufrimendu eta min handia pairatu” duen herria garela azpimarratu duten arren, aurrera begira jartzeko unea dela adierazi dute, ondorengoei “gizarte hobea utzi behar” diegula, eta guztiei dagokigula “hau eraikitzea, guri dagokigu zauriak ixteko bideari ekitea eta horretarako sufrimendu guztiekin amaitu eta elkarbizitza ahalbidetzeko baldintzak sortzea”.

Miramar Jauregia gauzatu den ekitaldian EAJ, EH Bildu, Podemos Euskadi, EH Bai eta EELV alderdietako ordezkariak izan dira, baita sindikatuenak ere (ELA, LAB, CCOO, UGT, STEEILAS, ESK, EHNE/ETXALDE ETA HIRU). Horiekin batera hainbat eragileetako ordezkariak ere batu dira (Bake Artisauan, Sare, Etxerat, Foro Soziala, Bagoaz, Bake Bidea) eta gizarte zibileko hainbat kide, tartean, Pili Zabala, Ane Muguruza, Peru del Hoyo, Laura Pego edota Julen Madariaga. (Gonbidatuen zerrenda bere osotasunean atxikita duzue).

Arratsaldeko 17:00etan Antiguako tuneletik abiatu den manifestazioan 40.000 lagun inguru batu ditu, orain artean espetxe politikaren aldaketaren alde egin den manifestaziorik anitzena izan delarik gaurkoa, ordezkaritza zabala dela eta. Orain Presoak dinamikako kideek euren poza eta esker ona adierazi dute manifestazioaren amaierako ekitaldian bertaratutako milaka lagunengatik, parte hartu duen ordezkaritzagatik eta herriz herri eginiko lanagatik eta gogoratu dute “garai berri baten aurrean aurkitzen” garela “bakean eta elkarbizitzan aurrera egiteko aukera ezin hobeak” zabaltzen dituen aukera historiko baten aurrean. Zentzu honetan, “bidea hasi baino ez” dela egin ziurtatu dute eta “gaur hemen lortu dugun aniztasuna eta elkartasuna aurrera begirako bidean lagun izan” dadin lanean jarraitzeko deia egin dute Arantza Aldezabal eta Laura Gomez Orain Presoak dinamikako kideek.

Aldezabal eta Gomezen hitzartzeen aurretik, Michel Berhokogoien Bakegileak hartu du hitza, Iparraldean Bake Artisauen eginiko ibilbidea, Orain Presoak dinamikaren aitzindari izan dena, azaldu eta eginiko lanaren etekinak goraipatu eta gizarte zibilaren aktibazioaren balioa eta beharra azpimarratuz. Lehen aldia da, Bake Artisauan atxilotuak izan zirenetik, Michel Berhokogoienek hegoaldean hitza hartzen duena, orain artean muga pasatzea ezinezkoa baitzuen.

Manifestazioko parte hartzaileak zorionduz eta eskerrak emanaz agurtu dira Orain Presoak dinamikako kideak “benetan batzen gaituen oinarri baten alde elkarrekin lan egitea beharrezkoa bezain aberasgarria” dela esanaz.

 

¡Necesitamos ayuda en la defensa de los derechos humanos!

Si quieres tomar parte en la red y realizar una aportación económica, te invitamos a ser SOCIX, a ser Sare

Ser Sare